XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urte horietako emaitzen balantzea gazi-gozoa gertatu denez ikuspegi desberdinetatik beste trantsizio prozesu bat aspaldidanik hasi zen eskatzen.

1998ko irailaren 12an ETAk aldarrikatu zuen su etenak eta Lizarra-Garaziko akordioak erraztu zuten giro politiko berria dela medio, aipaturiko bigarren trantsizioa hastear dugularik ez da alferrikako lana gogoraraztea zein arazo eztabaidatu ziren orain dela hogei urte eta zer nolako ondorioak utzi zizkiguten bigarren trantsizio hori beharrezkoa izateko.

40 urte eta gero... Trantsizio motela...

Franco Cuelgamurosko hilobian sartu ondoren ez zuten presa handirik izan Estatuko agintariek demokrazia gorpuzteko ezinbestekoak ziren neurriak hartzeko.

Konparatzen badugu frankismoaren hasierako jokabidearekin nabarmen gelditzen zaigu desberdintasuna.

Bilbo hartu eta gero, bost egun nahiko izan ziren Gipuzkoa eta Bizkaia provincias traidoras izendatzen zituen dekretua kaleratzeko, baita beraien kontzertu ekonomikoak bertan behera uzteko ere.

Kontrako prozesua burutzeko bost urte luze behar izan zituzten trantsizioko gidariek, traizioaren iraina kenduta gelditu zen arren, kontzertuak 1981 arte ez baitzituzten berrezarri.

Orduko agintari frankista eta ahobero amorratua izan zen Jose Maria Areilzak argi eta garbi azaldu zion Le Figaro egunkariari zetorren trantsizioaren mailaketa eta kosteaz: Erregimen frankistaren eraikuntzatik kentzen den harri bakoitza oso ongi ordainduko du ezker komunistak edo sozialistak.

Ohikoa zuen balbearekin, Mutrikuko konteak erdia bakarrik asmatu zuen.

Erreformaren urrats oro nahiko prezio altuarekin ordaindu izan zen arren, sakrifizioa berak aipatutako esparruetatik baino askoz zabalagoetatik etorri zen.

Euskadi mailan oihartzun handiena erdietsi zuen errebindikazioa, amnistiarena, kostata gauzatu zen. Kaleko mobilizazioek Amnistia ez da negoziatzen oihuarekin presoen askatzearen orokortasuna eta bat-batekotasuna defenditzen zuten arren, tantaka atera ziren kalera diktaduraren kontra aritu ziren borrokalariak.

Indultuz indultu kartzelak hustuz joan zirenez, 1977ko ekaineko hauteskundeak burutzear zirelarik oraindik 42 presok Espainiako ziegetan zirauten.